IBARRAKO SOKA-TIRA TALDEA

-Zein da taldearen ibilbidea? Duela zenbat urte jaio zen taldea eta zer dela eta?

Nesken Ibarrako sokatira taldea 2009. urtean sortu zen. Ordurako Ibarra izenaz martxan zegoen mutilen taldea, eta goma gaineko sokatira modalitatean ziharduen. 2009ko udaran, herriko festen aitzakian, nesken arteko sokatira apustu bat (txapelketa herrikoia) antolatu zen Ibarran, egun hartarako prestatzen aritu zirenen artean hainbat neskei sokatirarekiko arra sartu zitzaien. Goma gaineko sokatiran aritzeko beharrezko azpiegiturak eskura izanik (mutilen taldea bazela eta), Lander Otermin eta Mikel Arsuaga Ibarra taldeko tiralarien gidaritzapean, nesken taldea osatu eta irailean soka denboraldia hasteaz batera entrenatzen hasi ziren. 2009. urtean bertan txapelketa ofizialean parte-hartu zuen lehen aldiz Ibarra nesken taldeak. Orduz geroztik, urtero aurkeztu da taldea Euskal Herriko sokatira txapelketetara eta baita bi urtez behin jokatzen den mundu mailako txapelketetara ere. Urte hauetan zehar, lauko eta zortziko hainbat Euskal Herriko txapel lortu ditu taldeak, eta lehiatu den mundialetan ere hainbat domina eskuratu izan ditu; bai nesken talde moduan bai eta maila mixtoan ere.

 

-Nesken parte-hartzeak kirol ezberdinetan gora egin duela argi dago. Zuen kasuan, gorakada hori berdina izan da? Gaur egun zenbat neska daude sokatiran federatuta? Eta beste herri kiroletan?

Sokatiraren kasuan urte gorabeheratsuak izan ohi dira. Talde kirola izaki, ez da beti erraza taldea osatzea eta urteetan mantentzea, denboraldi batetik bestera taldeak desagertu eta berriro bueltan agertu ohi dira. Ondorioz, ez dago esaterik goranzko joera orokorra izan duenik; lehen ziren talde asko desagertu egin dira, adibidez. Egia da, egun, jende gehiago animatzen dela probatzera baina zaila da talde gisa denboraldiz denboraldi bloke bera mantentzea. Egun, nahiko egoera onean dago, 2019-2020 denboraldian zehar zazpi neska talde aritu dira Euskal Herriko sokatira txapelketetan. Talde guztiak aintzat harturik, 65 neska inguru (ez dakit seguru) egongo dira sokatira modalitatean federatuta. Hain justu, sokatira da herri kiroletan emakume federatu gehien dituen modalitatea, taldekako kirola izaki. Gainerako herri kiroletan badira emakume federatuak ere (ezin nezake kopuru zehatz bat esan) eta urtez urte izen gehiago agertzen dira, baina emakumeen presentzia oraindik oso urria da. Hain zuzen, kirolari faltagatik hainbat herri kirol modalitatetan ez da txapelketa ofizialik egiten; horren adibide 2019. urtean Gipuzkoako emakume txapelketa ofizialik jokatu ez izana inongo modalitatetan.

 

-Zer esango zenioke zuen kirola probatzeko gogoa duen neska bati? Zergatik apuntatu behar da sokatira talde batera eta bereziki Ibarra Soka Tira taldera?

Gogoa badu, lotsarik eta beldurrik gabe probatzera gerturatzera animatuko genuke. Jendeak, oro har, sokatira plazako festetako jolas gisa ikusten badu ere, “astakirtenen” kirol gisa ia, estereotipoetatik haratago, sokatira kirol oso teknikoa eta lan-handikoa da. Eta gertutik ezagutuz gero, harrapatzen zaituen kirola da. Entrenamendu ordu asko daude sokatira talde baten atzean, bloke bateratu bat osatu ahal izateko. Fisikoa lantzeaz gain, teknikak izugarrizko garrantzia du, eta baita talde gisa elkarrekin jarduteak ere. Kirol honek badu erakargarri egiten duen xarma berezi bat, egunik egun ikasten eta hobetzen jarraiarazten duena. Gainera, taldean aritzeak berezi egiten du; talde lana ardatz izaki, tiratzaileon artean kirol harreman soila baino, lagunarte berezi bat sortzen da. Eta zergatik Ibarra sokatira taldea? Bada, talde giro ederra dugulako gure artean!

 

-Txoritxo batek aurten lilatoian parte hartuko duzuela kontatu dit. Lehenago lilatoian parte hartu al duzue?

Gutako batek baino gehiagok parte hartu izan dugu Lilatoian aurreko urteetan; bada taldean aitzakia horrekin korrika hasi zenik ere! Gainera, Ibarrako emakumeen taldeak aurreko urteetan autobusa antolatu izan du taldean Donostiara joan eta Lilatoian parte hartzeko. Hurbil sentitzen dugun ekimena da, eta aurten ahalegin berezia egingo dugu bertan izateko, baita azken urtean ama izan diren tiratzaileek ere.

-Zer da lilatoia zuentzat?

Lilatoia emakumeok elkartzeko, gai garela azaltzeko, eta aldarrikatzeko modua dela uste dugu; ez bakarrik lasterketaren egunean bertan, baita aitzakia horrekin apur bat entrenatzeko elkartzen garen bakoitzean ere. Beno, eta ez dago esan beharrik oso ondo pasatzeko eguna ere izango dela martxoaren 1a, jakina! Sokatiran talde-lanak duen indar berezi horrek erakartzen du jendea askotan, eta Lilatoian ere antzeko zerbait gertatzen da; lasterketa egunean parte hartzaile guztiok izaten gara talde bat, eta batukadek, irrintziek eta elkar animatzeko oihuek bultzada handia ematen diote emakumeari eta emakueok kirolean dugun presentziari.

 

-Talde bezala poza sentitu zenuten LILATOI taldea zuekin harremanetan jarri zenean?

Izugarrizko ilusioarekin hartu genuen proposamena. Aurreko urteetan bertan izan garenontzat, eta giroa bertatik bertara ezagutu dugunontzat, oso berezia izango da irteera puntuan emakumeen sokatirari lekua egin ahal izatea. Nork daki, agian, korrika egitera hurbilduko diren milaka emakumeren artean, batzuk 2020-2021 denboraldirako sokatiran hasteko animatuko dira! Asko gustatuko litzaiguke taldean daukagun giro ona azaltzea, eta sokatiraren inguruan dauden eta aurretik aipatu ditugun estereotipoak haustea. Gainera, martxoaren 1a Ibarrako emakumeen sokatira taldean aurtengo denboraldian eta aurrekoetan izandako tiratzaile eta entrenatzaileetako asko elkartzeko aprobetxatuko dugu, eta ziur gaude egun hori modu berezian gogoratuko dugula. Harro gaude ekimen honetan modu aktiboan parte hartzeko aukera izateaz.